Ikastolak euskal eskola publikoak dira; ez dira alderdi politiko edo erligione erakunde baten menpe. Erakaskuntza zerbitzu publiko bat segurtatzen dute. Kasu hontan, "eskola publikoak" erran nahi du "beren haurrentzat euskarazko erakaskuntza nahi duten guziei idekia den eskola bat". 1993-az geroz, Seaskak hitzarmen bat izenpetua du Hezkunde Nazionalarekin: ikastolak elkarte kontratu egoerara pasatzen dira eta erakasleak Hezkunde Nazionalak pagatzen ditu.
Kalitatezko erakaskuntza baten eskaintzeko xedearekin, ikastola Seaskak kudeatzen duen erakaskuntza sistemaren atal bat da, ama-ikastolatik bakaloreara doana. Ipar Euskal Herriko eskola panoraman, ikastolak bakarrik dio euskarari bere lekua emaiten komunikazio eta erakaskuntza hizkuntza gisa, murgiltza sistema erabiliz, euskara eta frantsesaren ikastea eta menperatzea erexten duen metodo sinple eta naturala.
Ikastola guzien hautua da ikasketak eta formakuntzak euskaraz egitea. Hizkuntza imersio sistema ama-ikastolatik beretik erabilia da. Gaur egun, sistema honen emaitza baikorrak osoki onartuak dira. C.E.1 mailatik landa, ikastolak frantsesaren erakaskuntza ere segurtatzen du. Honela, lehen maila bukatzean, haurrek bi hizkuntzak molde egokian jabetuak dituzte. Urte guziz, Hezkunda Nazionalak 6.enean sartzerakoan antolatzen duen ebaluaketako emaitzak argiki frogatzen dute. Azpimarratzekoa da euskararen erabilpenaren garrantzia komunikazio hizkuntza bezala, ikastolaren barnean eta kanpoan ere. Horrelakorik ezingo litzateke ardietsi burasoen eta erakasleen urrats eraginkorrik gabe.
Ikastolaren beste berezitasuna bere kudeaketa da, hau demokratikoki segurtatua baita buraso, erakasle eta langileen artean.
